Discover PlayDecide. Download games, prepare, play. GET STARTED

Odola ematea

Choose your language

PlayDecide games may be available in multiple languages

Play the game

Download, prepare, discuss & collect results.

SIGN INRegister

Gaur-gaurkoz, odola ezin da ekoitzi artifizialki; beraz, ondasun urria da, eta beharrezkoa milaka pertsonak beren gaixotasunak gaindi ditzaten edo beren bizitza salba dezaten. Horregatik da hain garrantzitsua odola ematea edozein gizartetan.

Bizitzan, ia pertsona guztiok jasoko dugu odol-osagairen bat. Urteko egun guztietan, hainbat eta hainbat pazientek (ebakuntza kirurgikoak egin zaizkienak, zirkulazio- edo lan-istripuak jasan dituztenak, minbizia dutenak…) odola behar dute. Gainera, odola eta haren osagaiak, atera ondoren, iraungi egiten dira; beraz, etengabe behar dira odol-emateak. Nafarroan, egunean 100 odol-emate baino gehiago behar dira, gure ospitaleetako premiak asetzeko.

Odola ematea ekintza erraza eta azkarra da, medikuak kontrolatzen du, eta ia ez du minik ematen.

Author / translator Manex Urruzola

Gaur-gaurkoz, odola ezin da ekoitzi artifizialki; beraz, ondasun urria da, eta beharrezkoa milaka pertsonak beren gaixotasunak gaindi ditzaten edo beren bizitza salba dezaten. Horregatik da hain garrantzitsua odola ematea edozein gizartetan.

Bizitzan, ia pertsona guztiok jasoko dugu odol-osagairen bat. Urteko egun guztietan, hainbat eta hainbat pazientek (ebakuntza kirurgikoak egin zaizkienak, zirkulazio- edo lan-istripuak jasan dituztenak, minbizia dutenak…) odola behar dute. Gainera, odola eta haren osagaiak, atera ondoren, iraungi egiten dira; beraz, etengabe behar dira odol-emateak. Nafarroan, egunean 100 odol-emate baino gehiago behar dira, gure ospitaleetako premiak asetzeko.

Odola ematea ekintza erraza eta azkarra da, medikuak kontrolatzen du, eta ia ez du minik ematen.

Created 9 November 2016
Last edited 20 June 2018
Topics Ethics, Health
Original Spanish

Policy positions

Policy position 1

Nahitaezko odol-emateak:
Herritarrek zergak ordaindu behar dituzten eta legeak bete behar dituzten bezala, legez behartuta egon behar lukete odol-emaileak izatera ere. Azken batean, odola beharrezko baliabide bat da gizarte osoarentzat, eta ez da bidezkoa herritar batzuek bakarrik ematea. Zer gertatuko litzateke arrazoiren batengatik emaile boluntarioen proportzioa izugarri murriztuko balitz?

Policy position 2

Borondatezko odol-emateak eta odol-emate altruistak:
Odola emateak ekintza altruista, borondatezkoa eta arduratsua izan behar luke, eta odol-emaileak ez luke ezer irabazi behar, eskuzabala izateagatik ondo sentitzea eta gizarteari mesede solidarioa egitea besterik. Hala, odola ematearen prozesuak
ahalik eta etika, segurtasun eta gardentasun handienak izatea bermatzen da. Horretarako, garrantzitsua da herritarren artean odol-ematea bultzatzea eta sustatzea.

Policy position 3

Ordaindutako odol-emateak: Organismo arduradunek erabaki behar lukete ordain ekonomiko bat ematea odol-emateen truke. Hala, igo liteke odol-emateen kopurua, eta saritu egingo luke odol-emaileen ekarpena, bereziki bizitzen ari garen garai ekonomikoki zail honetan.

Policy position 4

Odol-banku pribatuak:
Osasun-sistemaren barruan zentro mediko eta ospitale pribatuak dauden bezala, aukera eman behar litzateke odol-banku pribatuak sortzeko. Diru truk odol-osagaiak eskaintzen dituzten odol-emate pribatuen sistemak integratzeak odol-emateen etengabeko eskaria hobeto asetzen lagunduko luke.

Story cards

Story card - no image

56 urte ditut, eta kirurgialaria naiz. Gogoan dut duela urte batzuk 60 odol-poltsa erabiltzen zirela, adibidez, gibel-transplante batean. Gaur egun, kirurgia horiek laser- teknologiarekin egiten direnez, zauria kauterizatu egiten da bisturiarekin irekitzen dugun
bitartean, eta horrek asko murrizten du behar den transfusio-kantitatea. Orain, paziente onkologikoek erabiltzen dituzte gehien transfusioak. Eskertu eta azpimarratu besterik ez dut odol-poltsak ematen dizkiguten odol-emaile guzti-guztiek egiten duten ekintza oso garrantzitsua, zeinak ezinbestekoak baitira gure egunerokotasunean. Ni ez nintzateke gai izango ebakuntza-gelan sartzeko odol- emaileen babesa dugula jakingo ez banu.

Guillermo Boneta
Story card - no image

ADONAko (Nafarroako Odol Emaileen Elkartea) kide naiz. Irabazi-asmorik gabeko elkarte bat gara, eta odol eta hezur-muin emateak antolatu eta sustatzen ditugu Nafarroan. Gure elkarteko kide ia guztiak odol- emaileak dira, baina baditugu 90 lagunetik gora egunero borondatezko lana egiten dutenak Nafarroako emateen sistema errealitate sendoa eta iraunkorra izan dadin. Ez da beti erraza izaten herritarrak mobilizatzea emaile bihur daitezen. Baina emaile berriak lortu baino, uste dugu gainditu beharreko oztopo nagusia dela lehen aldiz joaten diren emaileak fidelizatzea.

Marta Oteiza
Story card - no image

55 urte ditut, eta 25 urte baino gehiago daramatzat odola ematen, urtean behin edo bitan. Odola 25. aldiz eman nuenean, zilarrezko domina jaso nuen. Egia esan, horrelako sariek ilusio handia egiten dute. Odola ematen
bukatzen dugunean eskaintzen dizkiguten ogitartekoa eta edaria ere esanahi sinbolikoz beteta daude: odola ematearen balioa aitortzen du, eta elikagai bat eskaintzen digute indarrak hartzeko. Baina, batez ere, besteei laguntzeko nire harri-koskorra jartzen ari naizela jakiteak poz handia ematen dit. Beharrezkoa dela uste dudalako egiten dut: denok izan behar genuke emaile.

Patxi Lakar
Story card - no image

26 urte ditut, eta itzultzailea naiz. Jakitun naiz odol-emateak behar- beharrezkoak direla; hori oso argi daukat, baina orain arte ez dut odola emateko pausoa eman. Egia esan, zalantza batzuk ditut. Eta jendaurrean onartuko ez dudan arren, kontu honek beldur pixka bat ematen dit. Egia da orratzek beldurra ematen didatela, eta beldurtu egiten nau zorabiatu ahal izateak; beraz, ez dut gogorik hori guztia borondatez “sufritzeko”. Baina, barru-barruan, beldur handiena ematen didana da odolari egiten zaion ohiko analisian hauteman diezadaketen gaixotasunen bati aurre egin behar izatea.

Alaitz Etxauri
Story card - no image

20 urte ditut, eta Ingeniaritza Mekanikoa ikasten dut. Nagi naiz odola emateko, orratzek hozki handia ematen baitidate. Gainera, ez dut uste odola ematea nire ardura denik. Egia da denek nik bezala egingo balute osasun-sistemak ez lukeela nahikoa odol izango, eta hori arazo handia litzateke. Baina uste dut Gobernuak bermatu behar dituela odol-emateak eta kontzientziatu behar dituela herritarrak. Irudipena daukat ez dela kanpaina askorik egiten odol-emaileak lortzeko, eta egiten direnak ez zaizkit iristen. Adibidez, zirkulazio-kanpainak imitatu behar lirateke, nik uste: oso bortitzak dira, eta etengabe egiten dira. Izan ere, ez badigute etengabe
gogorarazten odol-emaileak behar direla, ahaztu egiten zaigu; denok geure munduan murgilduta gaude, geure bizitzan…

Xabier Urdiain
Story card - no image

Synthetic Blood Pharma farmazia-enpresako zuzendaria naiz. Enpresa horrek odol artifizialaren ekoizpena eta komertzializazioa ikertzen ditu. Gure helburua da ohiko
odol-ateratzeen ordezkoa izango den odol artifiziala diseinatzea. Itzela dirudi, ezta? Odol artifizialaren ikerketa, denborarekin, bere helburuak betetzen ari da, baina, gaur-gaurkoz, zientzia- fikzioa da oraindik. Asko dago egiteko oraindik. Aurrerapenak ukaezinak dira, baita aukerak ere, baina, oraingoz, ezin diegu transfusioei agur esan bizitzak salbatzeko. Zalantzarik gabe, egunen batean enpresa batek odola artifizialki ekoiztea lortuko balu, jomugan dituen bi helburu nagusiak beteko lituzke: gizarteari laguntzea, jakina, eta bere arrakasta ekonomikoa bermatzea, zalantzarik gabe.

Begoña Larraioz
Story card - no image

Nafarroako Odol eta Ehun Bankuko erizaina naiz, eta, hor, odola ateratzen diegu emaileei. Odola emateko
zentroetan zorabioak izaten dira batzuetan, batez ere orratzek eta odolak eragiten duten beldurrak eraginda. Baina gorabehera horiek oso erraz konpontzen ditugu. Ondoren, jakina, odol guztia aztertzen dugu, ziurtatzeko odol-emateak ez dituela kaltetuko ez emailea ez hartzailea. Odol-emaileek odola ematen dute seguru daudelako osasun-egoera onean daudela. Bestela, ez lukete odola emango, ekintza altruista baita eta ez baitute trukean ezer jasotzen. Odol-emaile izatea beren osasuna zaintzeari lotuta dago.

Ana Sanz

INFO CARDSISSUE CARDS

Odolak itxaron behar dio gaixoari, ez gaixoak odolari

Martxoaren 11ko atentatuen ondoren, herritarrek masiboki eman zuten odola. Baina odol hura ezin izan zen transfunditu analizatzeko tarte bat pasatu arte. Egun hartan, Madrilen odol-emaileen ilara luzeak erakutsi zituzten komunikabideek, baina une hartan ezin izan ziren transfunditu emaile horien hemoderibatuak, baizik eta aurreko egunetako emaileenak. Gutxieneko unitate batzuek egon behar dute erreserban, larrialdi kasuetan erabiltzeko.

Aurreiritzi faltsuak

Aurreiritzi asko daude odola ematearen inguruan, eta horrek gogogabetu egiten du jendea odola ematera joateko: baraurik joan behar izatea, orratzei beldurra, pentsatzea ezin dela odol-emaile izan benetan bazterketa-arrazoi ez den arrazoi batengatik…

Odol-emaileak zahartzea

Odol-emaileen batez besteko adina igotzen ari da: 40 urte baino gorago dago; oro har, herritarren adinaren
bilakaeraren antzera. Legediak ez dienez uzten 65 urtetik gorakoei odola ematen jarraitzen, arriskua dago pixkanaka-pixkanaka emaileen kopuruak behera egiteko.

Behin bakarrik joaten diren odol-emaileak

Lehen aldiz odola ematera joaten den jendearen % 50 25 urtetik beherakoa da. Asko, ordea, ez dira itzultzen. Horren arrazoiak askotarikoak dira, hala nola gazteen mugigarritasuna. Jende askok paludismoaren herrialde endemikoetara bidaiatzen du; jendeak atzerrian lan egin edo ikasten du; azterketak…

Nagikeriak deskonektatu egiten du

Odola ematea ekintza txalogarria da, eta haren helburuekin denak daude ados; hala ere, ez dute denek ematen odol-emaile izateko pausoa. Egindako zenbait elkarrizketatan, bultzada falta hori nagikeriagatik da
askotan.

Eman dezaket odola tatuaje bat edo ‘piercing’ bat egin badut?

Tatuajeak egin badira edo azala eta mukosak zulatu badira (belarritakoak, piercinga, depilazio elektrikoa…) material ez-esterilarekin, ezin da odolik eman 4 hilabetez.

Odola eman parranda baten ondoren?

Alkohola eta/edo drogak kontsumitzea ez da eragozpena odola emateko, betiere ez badira zain barnetik kontsumitu.

Odola ematea eta maila altuko kirolariak

Kirola egiteak ez du eragozten odola ematea, baina kirola maila altuan egitea (maratoiak eta abar) eragozpena da, hemoglobina maila baxuetan egoten baita. Gero eta gazte gehiago baztertzen dira arrazoi horrengatik.

Odol-emaileak erakartzea, sistemaren arazo bat?

Odol-ematea zerbitzu publiko bat denez, emaileen sare egonkor bat behar da, izakinak bermatzeko. Herritar askok ez dute beren erantzukizuntzat jotzen emaile izatea, baizik eta uste dute sistemak egin beharrekoa egin behar duela odola ematearen kontzientzia sustatzeko. Inor ez da kezkatzen zer egingo duen sistemak etengabe odola izateko, baina kezkagarria da jakitea odola falta dela.

Fidelitatearen garrantzia

Osasun-sistema sendo bati eusteko, pertsona bakoitzak urtean behin edo bitan odola ematearen garrantzia azpimarratzen dute adituek. Lehen aldiz odola ematera joaten direnen ehuneko oso altu bat, ordea, ez da itzultzen.

Emandako odola iraungi egiten da

Garrantzitsua da odol-emateen denborak ondo kudeatzea,
emandako odolaren osagaiak iraungi egiten baitira: plasma 3 urtez kontserbatu daiteke -30 °C-tan; globulu gorriak 42 egunez kontserbatzen dira 4 °C-tan; baina plaketak 5 egunez bakarrik kontserbatu daitezke 22 °C-tan eta etengabe irabiatuz.

Odol-emate ordainduak edo pribatuak?

Odol-emate ordainduen edo pribatuen sistema batean, galdu egingo litzateke odola ematearen izaera altruista: baliteke odol- emaileek, beren interesak tarteko,
egia ez esatea odol-emaileen galdetegian; beraz, kalte egingo litzaioke transfusioen segurtasunari.

Hezur-muina ematea, guztiz ezezaguna

Hezur-muinaren emaileak Hezur Muinaren Emaileen Erregistroan sartzea onartzen du, eta odol-lagin bat ateratzen zaio bateragarritasun-frogetarako. Emailea bateragarria bada hezur- muina behar duen norbaitekin, bere odol-uharretik odolaren zelula amak lortzen dira, azalaren azpitik “hazkunde-faktore” deritzen agente
batzuk lauzpabost aldiz injektatuz.

Informazio falta eta laranja erdia

Hezur-muinaren emaileak lortzeko kanpaina batean, ADONAk laranja erdiaren klixea erabili zuen, hezur- muina eman ahal izan dadin emailearen eta gaixoaren artean behar den bateragarritasunaren zailtasuna irudikatzeko. Gaixoarekin bateragarria izateko eta, hortaz, hezur-muina eman ahal izateko probabilitatea oso txikia da: aukera bat 70.000ren artean.

Altruismoak zintzotasuna eskatzen du

Odola emateagatik ordain ekonomikoa edo beste nolabaitekoa jasoko balitz, litekeena da sistemak hain ondo ez funtzionatzea. Adibidez, ordaina emango balitz, baliteke emaile izateko baldintza batzuk betetzen ez dituzten herritarrek egia osoa ez esatea.

Odol-talde guztietako odola behar da

O eta Rh- taldeetako odola unibertsaltzat jotzen da, ez baitarama hartzaileen immunitate-sistemak identifika dezakeen eta haren kontrako immunitate-erreakziorik eragin dezakeen antigenorik. Dena den, hobe da hartzaile bakoitzak bere odolaren antz handiena duen odola jasotzea; hori dela eta, odol-talde guztietako odol-emateak behar dira.

Transfusio bat 15 minututik behin

Nafarroan, egunean 100 odol-emate behar dira erkidegoko osasun- zentroetan sortzen den odol-eskaria asetzeko. Hau da, 15 minututik behin, pertsona batek odol-transfusio bat behar du Nafarroan.

4 lagunetik 3k odola beharko dute

Bizitzan, ia pertsona guztiek (zehazki, 4tik 3k) odol-transfusioren bat edo giza plasmatik eratorritako osagairen bat beharko dute.

Ezinezkoa da odola ekoiztea

Gizakia bakarrik da gai bere hurkoentzat odola ekoizteko. Azken urteetan aurrerapen zientifikoak eta
teknologikoak gertatu badira ere, oraindik ezinezkoa da giza odola artifizialki ekoiztea. Ondorioz, odola
ondasun urria da, eta beharrezkoa milaka pertsonak beren gaixotasunak gaindi ditzaten edo beren bizitza
salba dezaten. Horregatik da hain garrantzitsua odola ematea edozein gizartetan.

Odola ematea segurua da emailearentzat zein hartzailearentzat

Legediak hautaketa-irizpide zorrotzak ezartzen ditu emailearen eta hartzailearen osasuna babesteko. Odola ateratzeko, erabili eta botatzeko ekipamenduak erabiltzen dira; beraz, emailearentzat ez dago kutsatzeko arriskurik. Ondoren, odol-emate bakoitzean ateratako odola aztertu egiten da, odol hori eman eta har dezaketenengan kontrako eraginik gerta ez dadin.

Odola emateak ez du minik ematen

Ziztadaren unean bakarrik sentitzen da zerbait. Orratzak bereziki diseinatuak izaten dira ahalik eta minik txikiena emateko. Normalean, odola ateratzeak ez du 7-10 minutu baino gehiago irauten.

Organismoak etengabe berritzen du odola

120 egunetik behin, gure organismoan dugun odol guztia berritu egiten da; berdin du odola eman den ala ez. Odola ateratzeak ez du prozesu hori aldatzen. Gainera, legediaren arabera, gutxienez bi hilabete pasatu behar dira odol-emateen artean; gizonek gehienez lau aldiz eman dezakete odola urtean, eta, emakumeek, berriz, gehienez hiru aldiz urtean.

Baztertze-arrazoiak, galdetegi batean

Odol-emate bakoitzaren aurretik, odol-bankuko langile arduradunek galdetegi bat egiten diote boluntario bakoitzari, jakiteko ea egin duen arriskutsutzat jotzen den jarduerarik denbora-tarte jakin batean: injekzio
bidez drogak kontsumitzea, arriskuzko sexu-harremanak, botikak kontsumitzea, ebakuntzak, hortzak ateratzea, tatuajeak, gaixotasun jakin batzuk dauden herrialdeetara
bidaiatzea…

Ez da baraurik joan behar

Odola atera behar denez, batzuek pentsatzen dute baraurik joan behar dela odola ematera, ohiko analitiketan bezala. Eta kontrakoa egin behar da, hain justu: ez da baraurik joan behar. Gainera, odola eman ondoren, emaileei mokadu bat eskaintzen zaie.

Odol-taldeak eta erreserbak

Herritarren % 78k Rh positiboa du. Gehienak O (herritarren % 38,8) eta A (% 32,7) taldeetan sartzen dira. Horretarako, odol-bankuan erreserba gutxien egon daitezkeen taldeak A eta O positiboak dira nagusiki. ADONA elkartearen webgunean, eguneratuta agertzen da mota bakoitzeko odol- erreserben egoera, odol-emaileek jakin dezaten ea beren odol-taldeko odolik behar den.

Nork ematen dio nori

Odol-motaren arabera, talde bati edo beste bati eman dakioke odola. AB+ odol-taldeko emaileak hartzaile
unibertsalak dira, baina beren talde bereko pertsonei bakarrik eman diezaiekete odola. Aldiz, O- taldea
emaile unibertsaltzat jotzen da, baina bere talde bereko odola bakarrik jaso dezake. Gainera, Rh negatiboa dutenek positiboei eta negatiboei eman diezaiekete odola; Rh positiboak, berriz, positiboei bakarrik eman diezaieke odola.

Odola emateak ez du ahultzen

Kasu guztietan, odol-emaileek denbora- tarte laburrean berritzen dituzte odol-osagaiak (eta likidoak edanez, batez ere emandako bolumena). Odol-emaileari ateratzen zaion odola ez da iristen pertsona baten bolumen totalaren % 10era. Organismoak berehala konpentsatzen du odol-osagaien galera bizitza normala izanez gero.

Odol-emate motak: odola eta aferesia

Odol-emate arruntak 7 eta 10 minutu artean irauten du, eta odola ateratzen da bere osagai guztiekin, gure zainetatik jariatzen den bezala. Odola aferesi bidez emateko, aldiz, ateratako odola osagaiak zentrifugatu eta bereizten dituen makina batetik pasatzen da. Makina horrek gehien behar direnak hautatzen ditu, eta gainerakoa odol-emaileari itzultzen dio. Azken hori eraginkorragoa da, baina odol- emateak 45 eta 60 minutu artean irauten du.

ADONA

Nafarroako Odol Emaileen Elkartea irabazi-asmorik gabeko elkarte bat da, eta odol eta hezur-muin emateak antolatu eta sustatzen ditu Nafarroan. Horretarako, urtean zehar, zenbait jarduera egiten ditu ematea sustatzeko: publizitate-kanpainak, gizarte-ekitaldiak, hezkuntza-materiala argitaratzea, lehiaketak, hitzaldiak…

Nafarroako Odol eta Ehun Bankua

Nafarroako Odol eta Ehun Bankuan biltzen dira unitate mugikor ibiltarietan zein zentro finkoetan (Nafarroako Odol Transfusiorako Zentroa (Iruñea) eta Tuterako Odola Ateratzeko Puntua) jasotzen diren odol-emate guztiak. Halaber, hura arduratzen da odola eta haren osagaiak behar bezala ateratzeaz, manipulatzeaz, aztertzeaz, gordetzeaz, kontserbatzeaz eta banatzeaz.

Odolaren iraungipena

Odola ezin da erabili atera orduko; azterketa bat pasatu behar du zehazteko ea egokia den erabilia
izateko, eta, ondoren, iragazi eta zentrifugatu egiten da osagaiak bereizteko. Osagaiak bereizita eta erabiltzeko prest daudenean, plasma 3 urtez kontserbatu daiteke -30 °C-ko tenperaturan; globulu gorriak, 42 egunez 4 °C-tan; eta plaketak, 5 egunez bakarrik 22 °C-tan eta etengabe irabiatuz.

Odol-emate altruista eta doakoa

Odola ematea ekintza altruista, borondatezkoa eta arduratsua da, eta odol-emaileak ez du ezer irabazten,
gizarteari mesede egiteagatik ondo sentitzea besterik. Keinu solidarioa eta arduratsua da. Horrek sistemak ondo funtzionatzea bermatzen du, eta, gainera, diru truk egiteagatik ekintza endekatzea saihesten du.

Lehenengo odol-ematea, 1925ean

Nafarroan, ezagutzen den lehen transfusioa 1925ean egin zen San Miguel Klinikan, eta Juaristi doktoreak egin zion zezenaren adarkadaz zauritu zen eta odolusten ari zen bati.

18 urtetik gorakoa eta 50 kg baino gehiago?

Odol-emaile batek bete behar dituen oinarrizko baldintzak dira 18 urtetik gorakoa izatea, 50 kilo baino gehiago pisatzea, eta osasun ona, normala, izatea. Gainerakoan, bazterketa-arrazoiak dituen ezein taldetakoa ez izateaz gain, baldintza bakarra da ekintza desinteresatu bat egiteko borondatea edukitzea.

Zertarako behar da odola?

Minbizia eta odoleko gaixotasunak: 34 %

Anemia-mota jakin batzuk: 19 %

Ebakuntza egin zaien pazienteak (bihotza eta erredurak barne): 18 %

Bihotzeko, urdaileko eta giltzurrunetako gaixotasunak: 13 %

Ortopediako pazienteak: 10 %

Obstetrizia eta haurrak: 4 %

Zirkulazio-istripuak: 2 %

Register to download vote results of this PlayDecide game.Register