Discover PlayDecide. Download games, prepare, play. GET STARTED

EkoLinguA Solas-Jokoa

Choose your language

PlayDecide games may be available in multiple languages

Play the game

Download, prepare, discuss & collect results.

SIGN INRegister

Zer da hizkuntza-ekologia?

Hizkuntza guztien garapen iraunkorra helburu duen zientzia eta praktika da.

Hizkuntza-aniztasunaren balio unibertsalean oinarritzen da, baita berdintasunaren eta elkartasunaren printzipioetan ere.

• Hizkuntzen arteko harreman ekosistemikoak balio etikoen bitartez interpretatzen ditu, munduko hizkuntza gutxituen –edota tokian tokiko hizkuntza bakoitzaren– garapena eta iraupena bilatzeko, hizkuntza hedatuagoen eraginez gal ez daitezen.

Author / translator Eusko Ikaskuntza

Zer da hizkuntza-ekologia?

Hizkuntza guztien garapen iraunkorra helburu duen zientzia eta praktika da.

Hizkuntza-aniztasunaren balio unibertsalean oinarritzen da, baita berdintasunaren eta elkartasunaren printzipioetan ere.

• Hizkuntzen arteko harreman ekosistemikoak balio etikoen bitartez interpretatzen ditu, munduko hizkuntza gutxituen –edota tokian tokiko hizkuntza bakoitzaren– garapena eta iraupena bilatzeko, hizkuntza hedatuagoen eraginez gal ez daitezen.

• Hizkuntzak komunitatearekiko, hiztunarekiko eta naturarekiko duen harremana eta lotura aztertzen du, hizkuntzaren ekosistema hiztun-komunitatea baita.

• Horretarako, babes- eta sustapen-neurri estrukturalak hartu beharra aldarrikatzen du. Gainera, hizkuntza gutxituetako hiztunak mugiarazi nahi ditu, baita hizkuntza hedatuetako hiztunak ere.

Lokalean ekinez munduko hizkuntza-galera masiboaren aurrean eragiten du, eta mundu mailako pentsamenduan eraginez, tokian tokiko ekimenak sendotzea bilatzen du.

Created 2 December 2015
Last edited 22 June 2018
Topics Culture, Ethics, Science

Policy positions

Policy position 1

Euskararen arnasgune-lurraldeak sustatu.
Gehiengoz euskaldunak diren udalerrietan, instituzioek eta komunitateak lan egin behar dute euskararen tokiko ekosistemaren iraupena bermatzeko eta indartzeko, subsidiariotasunaren printzipioa aplikatuz (bertako hizkuntza ‘lokal’ batean egin daitekeena ez egin beste hizkuntza ‘global’ batean) eta eguneroko funtzio lokalak euskarari esleituz.

Policy position 2

Euskararen dentsitate-guneak sustatu.
Gehiengoz euskaldunak ez diren udalerrietan, instituzioek eta komunitateak lan egin behar dute euskararen tokiko ekosistema berreraikitzeko eta indartzeko, herriko espazio batzuetan euskarak nagusitasuna izango duen dentsitate-guneak sortuz eta hedatuz.

Policy position 3

Euskararen lekua gizarte-funtzioetan sustatu.
Euskal gizartearen maila guztietan, instituzioek eta komunitateak lan egin behar dute euskararen iraunkortasuna bermatuko duen hizkuntza-ekosistema osoa saretzeko, gizarte-funtzio nagusi orotan euskarak transmisiorako eta komunikaziorako aski indarra eta lekua izango duela bermatuz.

Policy position 4

Hizkuntzarekiko komunitatearen gizarte-erantzukizuna sustatu.
Euskal gizartearen maila guztietan, komunitateak eta herritarrok lan egin behar dugu euskararen iraunkortasuna bermatuko duen hizkuntza-ekosistema osoaren garapen harmonikoa sustatzeko, dugun gizarte-erantzukizunaz kontzientzia zabalduz eta parte hartzen dugun era guztietako gizarte-instituzioetan positiboki eraginez.

Policy position 5

Taldean landutako beste posizionamendu batzuk.

Story cards

Thumbnail

Aurrezki-kutxa batean egiten dut lan, orain zentralean, baina lehen jendaurrean. Etxean ez nuen euskara jaso eta 80ko hamarkadan saiatu nintzen ikasten, barnetegi eta guzti. Eta maila bat hartu nuen, baina ez suelto hitz egiteko adinakoa, eta atzean utzi nuen ikasitakoa. Nirea da erru nagusia, ados, baina bezero edo lankide euskaltzaleek ez zidaten asko lagundu. Nahi dute nik euskaraz egitea haiek bezala, eta ez naiz iristen. Baina ulertzen diet euskaraz egiten didatenean. Zergatik ez didate onartzen gaztelaniaz erantzutea?

Josefina, 61 urte
Thumbnail

Ikaslea naiz. Eta euskararena rollo hutsa da. Eskolan klase guztiak euskaraz, eta andereñoak plastada ematen euskaraz egiteko. Baina gelatik kanpo erdaraz egiten dugu denok, gure modura hitz egin dezakegulako. Euskarak ez du molatzen, andereñoen hizkuntza da, eta batzuetan gurasoena edo politikariena, buatxabal!

Aimar, 14 urte
Thumbnail

Administraria naiz enpresa batean. Eta euskara abertzaleena da. Ikusi besterik ez dago nork erabiltzen duen gehien. Eta ni nazionalismoen kontra nago, munduan mugak erortzen ari dira eta ingelesa edo txinera dira hizkuntza garrantzitsuak. Euskara altxor bat da eta ados nago mantentzeko, baina inposiziorik gabe.

Maria, 42 urte
Thumbnail

Jubilatu berria naiz, baina ez euskararen aldeko borrokatik. Francoren garaian zapalkuntza gogorra sufritu genuen euskaraz egin nahi genuelako, baina gero ere egurra jaso dugu: euskal egunkaria itxi, udal euskaldunak auzipetu... Euskalgintza beti dago erasoen beldur. Eta gure legeek eta erakundeek ez gaituzte behar bezala babesten. Abertzaleen arteko harresi bat behar da euskarak bere leku segurua izan dezan. Eta independentzia, noski. Hori lortzen ez dugun bitartean, beti izango ditugu arazoak.

Joxe Manuel, 64 urte
Thumbnail

Irakaslea naiz unibertsitatean, eta euskaltzalea. Arrazoi asko ditut horretarako: euskarak balio afektiboa du niretzat, munduko hizkuntzak aberastasuna dira, justizia eta berdintasuna maite ditut... Hala ere, kezkatuta nago, arrisku handiak ikusten ditut, gauzak ondo egiten asmatzen ez badugu. Euskarak oraindik masa kritiko txikia dauka gogor jokatzeko, baina irmotasun nahikorik gabe oso poliki egingo du aurrera, egiten badu. Nola uztartu neurri aktibo irmoak hartzea eta kontrako jarrerarik ez sortzea?

Mikel, 52 urte
Thumbnail

Fisioterapeuta naiz. Euskaraz egin nituen ikasketak, eta etxean edo lagunekin nagusiki euskaraz bizi naiz. Nire belaunaldiak zortea izan du, ze duela 25 urteko eskola eta kale-giroa euskararen aldekoak ziren, gaur ez bezala. Igual gaur euskaldunagoak gara, baina orduan euskaltzaleagoak ginen. Eta, zaletasunik gabe, erraz uzten zaio libre euskarari, zailtasunak sortzen direnean. Hor ikusten dut nik arazoa: euskarari eutsi egin behar zaio, erdarak beti daude hor. Eta ez da beti indarrik edo gogorik izaten etengabe ahalegina egiten ibiltzeko.

Garazi, 37 urte
Thumbnail

Lanbide-heziketan nabil eta bertso-giroan ere bai. Txikitatik gustatzen zait hitzekin jolas egitea, eta bertso-eskolan mundu bat aurkitu nuen. Maialen Lujanbioren ibilbidea miresten dut, eta gustatzen zait bertsolarien artean sortzen den lankidetza-/lehia-giro hori. Eta konturatzen naiz jolasarekin batera nire euskara jantzi egin dela, eta nire euskara aberatsagoa dela inguruko askoren gaztelania baino.

Alaia, 19 urte
Thumbnail

Langabetua naiz eta euskaldun berria. Beno, duela hogeita bost urte ikasi nuen euskara eta ez dakit noiz arte izango naizen “euskaldun berria”, baina tira! Egia esan “berria” ez, baina “bakartia” banaiz. Euskara ikasi nuen sinetsita denok egingo genuela urrats hori, baina nire inguruan bakarra izan naiz, eta ez familian, ez koadrilan ezin dut euskaraz egin. Gainera, iruditzen zait, askotan, euskaraz ari naizenean, desiratzen egoten direla besteak edozein aitzakia baliatzeko erdarara pasatzeko; nahikoa da berba bat, esaera edo aipu bat, erdaraz hasi eta horretan jarraitzeko, “¡Por fin!” esango balute bezala.

Jorge, 47 urte
Thumbnail

Kaleko saltzailea naiz. Malitik etorri nintzen duela hiru urte eta Euskal Herriko hainbat tokitan ibili izan naiz. Berehala ohartu nintzen hemen bazela euskara, eta nola ohituta gauden hizkuntza asko erabiltzen, euskaraz ere oinarrizkoena ikasi nuen aste gutxitan. Hala ere, nire larru beltza ikusten dutenean, gehienek gaztelaniaz egiten didate. Oso arraroa egiten zait hori, ze nik gaztelania ez dut euskara baino hobeto egiten.

Salif, 27 urte
Thumbnail

Taberna bateko zerbitzaria naiz, argentinarra. Eta kokoteraino nago euskararen kontu honekin. Ondo ikusten dut euskara dakitenek beraien artean euskaraz egitea, edo esperantoz nahiago badute. Baina denek dakite gaztelania, nik bezala, eta, gainera, gaztelania ere ofiziala da hemen. Horregatik sutu egiten nau niri euskaraz egiten didaten egoskor horien jarrerak, ni ere euskara ikastera behartu nahi nautelako. Zertarako hartu beharko nuke lan hori, ez badut pentsatzen betirako hemen gelditzea? Iruditzen zait latinoen kontrako jarrera dela.

Yolanda, 33 urte
Thumbnail

Ikasle unibertsitarioa naiz eta euskaraz egin ditut ikasketa guztiak orain arte, eta herrian nagoenean ere, nire lagun eta familia artekoekin euskaraz egiten dut. Unibertsitatera etorri eta ikasketak euskaraz egiten ditugun arren, gure artean gaztelania nagusitu da ia-ia konturatu gabe. Badakit gaztelania nagusitzea dela errazena, baina hori aldatzeko lana hain da neketsua!

Oihane, 22 urte
Thumbnail

Gitarra-jotzailea naiz eta rock talde batean jo dut azken urteotan, beti euskaraz. Orain, talde berria osatu dugu eta ingelesez kantatzea erabaki dugu, badugulako nazioartean entzunak izateko nahia. Gaur egun, gainera, Internet bitartez oso erraz jar gaitezke “merkatuan”, eta entzunak izateko ezinbestekoa da ingelesez egitea. Taldearen izena ere ingelesez jartzea erabaki dugu.

Esti, 24 urte
Thumbnail

Herri euskaldun batean bizi naiz eta euskaraz aritzen naiz bertako denda eta zerbitzu gehienetan. Batzuetan, halere, banku edo medikuren batekin gaztelaniaz egin behar izaten dut, baina ez dit horrek arazorik sortzen. Azken 30 urteotan asko aurreratu da komunikabideetan, eskoletan, unibertsitatean eta herriko erabileran, eta ez dut ulertzen gauza guzti-guztiak euskaraz egitearekin tematu beharra!

Fernando, 52 urte
Thumbnail

Gure gurasoak erdaldunak dira, Burgosetik etorri baitziren gaztetan hona lanera. Nik eta nire anai-arrebek ikastolan ikasi genuen eta han hartu genuen euskara, baina etxeko hizkuntza gaztelania izan da beti; bueno, beti ez. Izan ere, gauza bitxi bat kontatu nahi dizuet: 14-15 urte nituela, anaia zaharrenak esan zigun gure artean euskaraz hitz egiten hasi behar genuela. Flipatuta zegoela esan genion, baina egoskortu egin zen eta konbentzitu egin gintuen. Hasieran oso-oso gogorra, erridikulua egin zitzaigun gure artean euskaraz hitz egitea, baina azpimarratu nahi dizuet posible dela; kosta egiten da, bai, baina posible da. Bitxia bada ere, gaur egun, arraroa egiten zait, Burgosen gaudenean, gure artean gaztelaniaz aritzea.

Manuel, 47 urte
Thumbnail

Herri euskaldun batean bizi naiz, familia euskalduna dut eta euskaraz egin nituen ikasketak. Seme-alabek euskaraz hitz egiten dute. Bikotearekin gaztelaniaz hitz egiten dut eta koadrilan, segun, bueno, agian gaztelaniaz gehiago. Euskararen aldekoa naiz eta ahal dudan guztietan, ikastolen festetan eta Korrikan hartzen dut parte (aitortu beharra dut hunkitu egiten nauela). Lanean gaztelaniaz egiten dut. Irakurri eta idatzi ere, aukeran, nahiago dut gaztelaniaz.

Josu, 45 urte

INFO CARDSISSUE CARDS

Beharrezkoak al dira hizkuntza guztiak?

Mundu gero eta globalago honetan, dozena bat hizkuntzarekin molda bagintezke, zertarako xahutu horrenbeste energia hizkuntza txikietan?

Elebakartasuna ala hizkuntza-aniztasuna?

Txinera mandarina, ingelesa, gaztelania, hindia, arabiera, bengaliera eta errusiera dira gaur egun munduan hiztun gehien dituzten hizkuntzak; hala ere, Txinan bakarrik 292 hizkuntza hitz egiten dira. Zer nahiago du gizarteak, hizkuntza handien elebakartasuna ala hizkuntza-aniztasuna?

Hizkuntzak komunikazio-baliabideak soilik?

Komunikatzeko gaitasunaz gain, zer gehiago ematen dio hizkuntzak gizakiari?

Hizkuntza-aniztasuna, eredu berriaren zutabe

Garapen iraunkorrak ingurumena, ekonomia eta gizartea elkarlotzen ditu. Hizkuntzen biziraupenerako ere ikuspegi sistemikoa landu behar da, kultura-aniztasuna eta hizkuntza-aniztasuna, eredu berriaren ezinbesteko zutabeak dira.

Euskararen barne-aberastasuna

Zergatik dira garrantzitsuak euskalkiak?

Zer balio dute beste hizkuntzek?

Cegoña, Fuscallo, Zarrazina, Babuxa, Chuvisca, Froallo, Lapiñeira, Treixada, Xistra, Zarracina… hirurogeita hamar hitz inguru omen ditu galegoak euriarekin erlazionatuta. Zer garrantzi dute hitz horiek guretzat? Gurea ez den hizkuntza bat galtzen bada, galera da guretzat?

Iragana ala etorkizuna?

Zeren baitan da euskararen etorkizuna, iraganean bizirauteko balio izan duten arrazoietan edo egungo mundu globalean hartu behar diren neurri aktiboen egokitasunean?

Tokian tokiko hizkuntzek babes-neurriak behar dituzte

Hizkuntzen sistemak antza du ekologiaren ereduarekin, izaeran eta arriskuetan, bizirauteko gutxieneko baldintzetan... Naturan, arriskuan dauden espezieek bezala, hizkuntza txikiagoek ere babesa eta aldeko neurrien premia dute eta eragin egin behar da hori garatzea oztopatzen duenarengan.

Modernoa al da elebakartasuna?

Gero eta anitzagoa den gizartean, gero eta jatorri anitzagoko pertsonek eremu bera konpartitzen duten garai hauetan, zer etorkizun izan dezake elebakartasunak?

Zein da hizkuntzarik garrantzitsuena?

Balio bera al dute hizkuntza guztiek? Zein faktorek eragiten dute hizkuntzen arteko desberdintasunetan?

Berreskuratu ala irabazi?

Hizkuntzarentzat irabaztea kontzeptua egokiagoa dirudi hizkuntza berreskuratzea kontzeptua baino. Horrela, esaterako, inoiz euskara izan ez dutenak errazago hurbilduko dira.

Ez egin erdaraz euskaraz egin daitekeena

Zergatik egin hizkuntza globalago batean tokian tokiko hizkuntza lokalean egin daitekeena?

Desberdinen arteko konplizitatea

Komeni da etorkizuna elkarren errespetuzko proiektuen bitartez eraikitzea; konplizitatea ere behar da, baina nola eraikitzen da konplizitatea?

Hizkuntza gutxituen arteko elkartasunak elkarren arteko sendotzea dakar

Elkartasunaren erronka elkar elikatzea da, ahuldutakoaren bizi-indarra sendotzea bere iraupena ziurtatzeko, aniztasunaren baitan.

Aniztasunari esker gaitasun handiagoa du gizakiak munduko aldaketetara egokitzeko

Gurera etorri diren senegaldar gehienek lauzpabost hizkuntza dakizkite eta ahalegina egiten dute euskaraz hitz egiteko; beste etorri berri batzuek berriz, ez. Zergatik?

Zer da errespetua?

Hizkuntza bat baino gehiago elkarrekin bizi diren egoeretan, nola berma daitezke hizkuntza-praktika orekatuak?

Utopia errealista

Batzuentzat utopia hutsa izan liteke mundu hizkuntz aniztuna lortzea; baina ez al da utopia errealista bat? Merezi duen utopia? Izan ere, ez al da utopia irrealagoa aniztasunik gabeko mundua amets izatea?

Bizitoki egokiak behar dituzte izokinek, eta hizkuntzek

Izokinek ibai gutxi batzuetan erruten dituzte arrautzak; eta ez da nahikoa ibai garbi eta kutsatu gabeak izatea, hainbat oztopo gainditu ezean, ezerezean gelditzen baita haien ahalegina. Dirutza gastatzen ari dira administrazioak presa zaharrak eraitsi, ibaiak leheneratu eta izokinaren bizitoki egokiak berreskuratzeko…

Arnasguneen garrantzia

Hizkuntza ahuldua biziberri dadin, zer garrantzi du hizkuntza hori nagusi den gune geografikoak izatea?

Nora garamatza hizkuntzen arteko hierarkizazioak?

Kontua ez da ingelesa hedatzearen aurka egotea, baizik eta horren aurreko ikuspegi kritikoa izatea, eta, horrela eginez, euskararen komunitatearentzat dauden aukerak lantzea.

Zilegi al da hiztunei erantzukizuna eskatzea?

Axolagabekeriak ez du zilegitasunik galeraren aurrean. Aldiz, jarrera aktiboa etorkizuneko joera da.

Gutxiengoa aintzat

Gizarte demokratikoaren lorpen garrantzizkoenetako bat da gehiengoaren iritzia, pentsaera eta portaera ez izatea gutxiengoenarentzat debeku-iturri.

Boterearen erresistentziak

Botere nagusietan erresistentziak daude oraindik mundu mailako adituek eta filosofia aurrerakoienek hizkuntza-aniztasunaren aldeko mezuak igortzen dituzten arren. Zein dira botere horiek hizkuntza-aniztasunaren aurrean dituzten erresistentzia nagusiak?

Grisa ala koloretsua?

Homogeneotasuna ala dibertsitatea, mugarik gabeko hazkundea ala garapen iraunkorra, aprobetxamendua ala zaintza, norbanakoa ala taldea, elkartasuna ala liberalismoa, kultura bakarra ala aniztasuna, gutxiengoekiko aitortza ala indar- jarrera… Nolako gizartea nahiko zenuke XXI. mendean?

Hizkuntza-ekologia

Hizkuntza eta ekologia jartzen ditu harremanetan; eta hizkuntza bere ingurunean, komunitatean, kokatzen du. Hizkuntza desberdinen arteko harreman ekologikoa proposatzen du.

Iraunkortasunaren printzipioa

Hizkuntza guztiak bizirik irautea lortu nahi du hizkuntza-ekologiak eta arreta berezia jartzen du ahuldutako hizkuntzen etorkizunean; horrela bakarrik mantenduko baita hizkuntza- aniztasuna.

Nortasunaren kontzientzia

Zer da hizkuntza gizakiarentzat? Hizkuntzak gizartean kokatzen du gizakia, komunitatean, herrian; taldearen parte egiten du. Hizkuntzak iraganaren kontzientzia eta etorkizuneko proiekzioa ematen du, identitatea… baita jolasa, gozamena, plazerra, artea… ere.

Hizkuntza-aniztasuna

Zergatik da garrantzitsua hizkuntza-aniztasuna? Gizarte batek zenbat eta hizkuntza gehiago izan, mundu ikuskera zabalagoa izango da, eta kanpoko aldaketei erantzuteko modu edo baliabide gehiago izango ditu gizarteak. Gainera, hizkuntza-aniztasuna gaur egungo gizarte gehienetan errealitatea da. Gizarte elebakar gutxi daude munduan zehar.

Hizkuntzaren barne-aniztasuna

Euskara modu askotarikoa da, anitza; euskalkien aniztasuna aberastasun handia da. Euskalkiek eta batuak biek ziurtatuko dute euskararen etorkizuna.

Hizkuntza guztien balio unibertsala

Bizitza duenak izateko eskubidea du eta guztiontzat du balioa; hizkuntza guztien artean osatzen baita munduko hizkuntza-aniztasuna. Gainera, aniztasuna eta dibertsitatea balio unibertsalak dira. Hizkuntza galtzeak mundua pobreagoa egiten du, gizateria pobretzen eta ahultzen du.

Belaunaldien arteko elkartasuna: transmisioa

Hizkuntza-garraiatzaileak gara; zubiak gara; hizkuntza ez baita gurea. Guk jaso, eutsi, erabili eta eman egiten dugu, ondorengoei jaso duguna baino aberatsago eta ahalik eta erabilgarrien emateko berriro.

Berdintasunaren printzipioa

Egoera desberdinetan daudenak berdin tratatzea ez da berdintasuna. Aukera berdinak izateko aukera ematea da berdintasunaren printzipioa, ekitatea bilatzea. Horregatik, beharrezkoa da tokian tokiko hizkuntzen alde gizarte mailako babes- eta garapen-neurriak hartzea, aukera-berdintasunera heltzeko.

Hizkuntzak eta globalizazioa

XXI. mendeko globalizazioari eredu berria: hizkuntzen iraunkortasunaren alde egitea historiaren alde egitea da, justiziaren alde, ekitatearen alde, garapen iraunkorraren alde, mundu hobearen alde. Hizkuntza-aniztasuna babestea eta garatzea etorkizuneko pentsaera da; elebakartasuna, berriz, iraganekoa.

Hizkuntzen arteko lehia

Hizkuntza batzuk besteak baino hobeak dira? Hizkuntza guztiek balio berbera dute; ez dago hizkuntza handiagorik, hoberik, zailagorik, ederragorik, egokiagorik… Hizkuntza bat hobetzat hartzen da, hizkuntza-komunitate hori hobetzat hartzen denean.

Irabaztearen kontzeptua

Hizkuntza ahulduak irauteko funtzio berriak irabazi behar ditu, esparruak, espazioak, hiztunak, bihotzak… denok irabazteko; zuk irabaziz guk irabazten dugu; zenbat eta jende gehiagok toki gehiagotan hizkuntza erabili, orduan eta aukera gehiago elkarrekin aritzeko.

Subsidiaritatearen printizipioa

Euskaraz egin daitekeena, ez dago zertan erdaraz egin. Lekuan lekuko produktuari, kontsumoari, kulturari, energiari, hizkuntzari balioa ematea eta erabiltzea da kontua; kanpokoa izan dadila bertokoa osatzeko, ez lekua kentzeko.

Elkartasunaren printzipioa

Hizkuntza sendoko hiztunen eta ahuldutako hiztunen arteko elkartasuna lortu behar dugu, elkar inplikatzea, elkar laguntzea, elkar elikatzea. Gure kasuan, euskaldunen eta erdaldunen inplikazioa.

Etorri berriak eta hizkuntza

Aniztasuna ez da mehatxua, aukera baizik. Batetik, etorri berrien hizkuntzaren aurrean interesa eta errespetua erakustea egin behar etikoa da. Bestetik, lekuan lekuko hizkuntza ikastea onuragarria da gizartearen parte aktiboa izateko eta aukera berdinak izateko.

Eleaniztasunaren edo poliglotizazioaren onurak

Gehiagok gehitu egiten du, ez du kentzen. Gizakiok eta gizarteak gai gara hizkuntza bat baino gehiago izateko. Hizkuntzek lagundu egiten dute harremanak zabaltzen, kulturak ezagutzen, artea ulertzen, pentsamendua aberasten, sentimenduak dibertsifikatzen, identitatea errotzen eta aukera ekonomikoak handitzen, besteak beste.

Errespetuzko elkarbizitza

Hizkuntza ahuleko hiztunak ez du beti egokitu behar hizkuntza nagusiaren praktikara. Lekuan lekuko hizkuntza ezagutzea, erabiltzeko aukerak ezartzea eta berau erabiltzea da praktika orekatuak ziurtatzeko modu bakarra. Hau da, ez da praktika orekatua, ez errespetuzko jokabidea, beti alde batek hizkuntza aldatzea.

Hizkuntzaren ekosistema

Hizkuntzek ingurune egokiak behar dituzte garatzeko, hori gabe, ahuldu eta galtzeko arriskuan jartzen dira. Ekosistemak beren iraunkortasuna ziurtatzeko, gutxieneko funtzioak eta ezaugarri zehatzak behar dituzte. Euskararen kasuan, ekosistema Euskal Herriko espazioan kokatzen den komunitatea da; ez dauka besterik munduan. Beraz, gure ekosisteman ahalik eta modu osatuenean eutsi behar diogu. Guk ez badugu egiten, ez duelako beste inork egingo.

Hizkuntzen ingurune espezifikoak

Ingurune geografiko berezietan (lurralde espezifikoak, udalerriak, auzoak…) edo esparru zehatzetan (ikastetxeak, lantegiak, erakundeak, norbanakoa) eragiteko modu ezberdinak aztertu eta planifikatu behar dira; horietan eraginda, hizkuntzaren ekosistema osoan eragiten da.

Arnasguneak

“Arnasguneak” euskara naturaltasunez transmititzen eta garatzen diren zonaldeak dira, batez ere udalerri euskaldunak; hizkuntza- politika berezirik gabe euskara naturaltasunez erabiltzen diren lekuak. Horietan, lehentasunezko funtzioak betetzen ditu euskarak eta hainbat esparrutan esklusiboak.

Dentsitate-guneak

“Dentsitate-guneak”, herri batean euskararen presentzia oso handia bereganatu duten toki zehatzak dira (ikastetxea, familia, aisialdi-lekuak...). Batzuetan berez, normaltasunez sortutakoak dira, beste batzuetan, berriz, apropos eraikitako espazio sozialak dira. Espazio horietan euskarak nagusitasuna bereganatzen du.

Lingua franca edo nazioarteko komunikazio-hizkuntza

Ama-hizkuntza bera izan gabe elkar ulertzeko erabiltzen den nazioarteko hizkuntza da. Baina hizkuntza horrek, batetik, nazioarteko kultura transmititu behar du, eta ez kultura bakarra; eta, bestetik, ez dio lekua kendu behar lekuan lekuko hizkuntzari.

Gizarte- eta komunitate-erantzukizuna eta erantzukizun pertsonala

Gizartearekin hartzen dugun konpromisoa eta betebeharra da erantzukizuna; bai maila pertsonalean, bai maila kolektiboan. Esaterako, eskolak erantzukizunez erantzun du euskal gizarteak izan duen nahiari erantzuteko.

Pentsamendu glokala

Mundua hemen, hau munduan. Globalizazioaren eraginez, han eta hemen egiten denak eragina du gugan, eta hemengoak ere eragina du munduan. Edozein hizkuntzaren biziberritzea lortzen bada, lagungarri izango da munduko gainerako hiztun-komunitateentzat. Edozein hizkuntza galtzen bada, galera da guretzat eta gure hizkuntzarentzat. Globalean pentsatuz, lokalean ekin.

Hizkuntza-ekologistak behar dira

Ekintzaile izatea konstantea izatea da, ekina eta tematia, jarrera eraikitzailea izatea. Hizkuntza-ekologistek bere hizkuntzaren alde eta beste hizkuntza guztien alde egiten dute. Jarrera aktiboa izatea etorkizuneko joera da.

Berezia izatearen bizipoza

Handiaren homogeneotasunaren aurrean, desberdintasunaren harrotasuna. XXI. mendean aniztasunaren aldeko pentsamendua, iraunkortasunaren filosofia ekologikoa, homogeneotasunaren aurrean berezia izatearen kontrastea indartzen ari da. Zerk egiten du gizaki eta gizarte bat interesgarriagoa, aberatsagoa, aurrerakoiagoa, solidarioagoa, bereziagoa, ikusgarriagoa?

Register to download vote results of this PlayDecide game.Register