Discover PlayDecide. Download games, prepare, play. GET STARTED

Bizentaren lumak

Choose your language

PlayDecide games may be available in multiple languages

Play the game

Download, prepare, discuss & collect results.

SIGN INRegister

This is a material focused on young people. It encourages reflecting about gender issues and having a deeper conversation in 5 to 7 people teams. The game also wants to encourage agreements between team-members.

Author / translator Elhuyar Consultancy

This is a material focused on young people. It encourages reflecting about gender issues and having a deeper conversation in 5 to 7 people teams. The game also wants to encourage agreements between team-members.

Aims of the game

ZER DA BIZENTAREN LUMAK? Bizentaren lumak gazteek berdintasunaren inguruan hitz egin eta gogoeta egiteko mahai-inguruko solas-jolasa da. Jolasaren oinarri metodologikoa Europako Komisioak sortutako Play&Decide eztabaida-jolasaren eredua da (http://www.playdecide.eu/). Play&Decide eredu horren helburu orokorra da gai zehatzen inguruan iritzi desberdinak dituzten pertsonen arteko jendarte-mailako hausnarketak, arrazoitzeak eta eztabaidak erraztea. Bizentaren lumak solas-jolasean Play&Decide eredua egokitu dugu berdintasunaren gainean hausnarketa, arrazoitzea eta eztabaida sortzeko, gazteak ahalmentzeko helburuarekin. ZERGATIK JOLAS HAU? Jendarte demokratikoetan emakumeen eta gizonen berdintasunak gero eta pisu handiagoa du ordenamendu juridikoan, instituzionalean eta sozialean. Hala ere, nabaria da oraindik ez dagoela benetako berdintasunik, eta emakumeak eta gizonak sozialki ez ditugula berdin aitortzen. Garapen sozialaz ez da hitz egiterik genero-ekitaterik ez bada, eta horretarako, harreman-eredu berrien balioetan heztea ezinbestekoa da, identitate-aniztasuna errespetatuz eta gazteei garapen pertsonal askean lagunduz. Emakumeek jasaten dituzten diskriminazio-egoera anitzak gainditzeko estrategia bateratuak jarri behar ditugu martxan, eta horiek gazteekin hezkuntza formalean ez ezik, hezkuntza ez-arautuan edo aisialdian lantzea ere beharrezkoa ikusten dugu. Gauzak horrela, eremu honetan eragiteko asmoz sortu dugu Bizentaren lumak karta-jolasa, errealitateaz jabetu eta errealitatea eraldatzeko tresna gisa. Egungo egoeraz jabetzeaz gain, gazteen jarreretan ere eragin nahi da. Emakume eta gizonen berdintasunaren aldeko jarrerak indartzea gazte guztien erronka izan dadila sustatu. JOLASAREN BALIABIDE IZAERA Emakumeen eta gizonen berdintasunaren gaiarekin lotuta, geroz eta baliabide eta material gehiago eta osatuagoak badaude ere, berariaz gazteek berdintasunaren gainean hausnartzeko helburuarekin sortutako tresnak urriak dira. Bizentaren lumak solas-jolasak norabide horretan ekarpena egin nahi du, baliabide bat eskainiz. Beraz, gazteak ditu jomugan, eta baliabide egokia da bai berdintasuneko gai eta edukietan sakondu nahi duten gazteentzat, eta baita berdintasunari buruzko informazio urria duten gazteekin erabiltzeko ere. Gainera, jolasaren edukiak ezagutzen edo/eta menderatzen dituzten gazteek beren parekoekin rol aktiboa izan dezaten (dinamizatzaile/bideratzaile gisa) aukerak ematen ditu. Izan ere, Bizentaren lumak solas-jolasa karta-jolas bat da, prozedura definitua eta baliabide zehatzak dituena, eta horrez gain, aipatutako helburuak lortzeko beste hainbat baliabide eta ekimenekin osa daitekeena.

Created 18 September 2015
Last edited 19 June 2018
Topics Gender

Policy positions

Policy position 1

Konpromiso Indibidualak

Policy position 2

Konpromiso kolektiboak

Story cards

Story card - no image

Bilbon bizi naiz eta administraria naiz enpresa batean. 6 urteko haurra dut, Mikel. Ama-bakarra naiz. Ama duela gutxi hil zait, eta Mikel eta ni bakarrik gaude Bilbon. Lanaldi osoan lan egiten nuen duela gutxira arte. Orain, amaren laguntzarik gabe, murriztu egin behar izan dut lanaldia Mikel zaintzeko; baina diru aldetik oso justu gabiltza.

Estibaliz, 42 urte
Story card - no image

Lisboan bizi naiz orain. Herria txiki geratu zitzaidan aspaldi, eta hainbat hiritan probatu eta gero, hemen egin dut habia. Herrian, baziren gustuko nituen mutil batzuk, baina ez nintzen inoiz ausartu hori adieraztera. Erasmus beka bati esker kanpora joan nintzen eta sexualitatearekin nituen mugak gainditu nahian, mutil batekin oheratu nintzen. Hasieran beldur handia izan nuen, baina gustuko izan nuen gero.

Jose, 38 urte
Story card - no image

Gasteizen bizi naiz, eta duela gutxi hasi naiz depilatzen. Gelan azkenetarikoa izan naiz. Gurasoei ez zien grazia handirik egin, baina konturatu dira ezin naizela gelako estralurtarra izan.
Mutilak bai ondo bizi direla! Ez dute depilatu beharrik, eta ez daukate hilekorik. Ez dira makillatzen, eta ez dute ilea lixatu beharrik!
Puff! Kaka zaharra! Neska izatea tokatu ez zait, ba!

Malen, 16 urte
Story card - no image

Burua nahasita daukat. Familia ez dut aguantatzen. Zergatik tokatu zaizkit niri guraso hauek? Lagunak dira niretzat garrantzitsuena, eta horiek ere berehala kritikatzen naute. Ez ditut mutilen kirolak gustuko. Lodiegi al nago? Neskekin gusturago sentitzen naiz, baina horietako bat ere ez naiz. Homosexuala izango ote naiz? Hori diote besteek, “armairutik atera, behingoz!”. Penkoak besterik ez dut etxera eramaten, eta? Zertarako balio du ikasteak? Non eta nola bukatzeko?
Desagertu egin nahi dut!

Josu, 14 urte
Story card - no image

Nire lana eta bizitza maite ditut. Madrilera joan nintzen bizitzera ikasketak bukatu bezain pronto. Enpresa garrantzitsu batean egiten dut lan. Ez dut seme-alabarik, ezta ekartzeko asmorik ere. Nire bikote-laguna eta ni oso lanpetuta gaude astean zehar, eta asteburuetan lagunekin ateratzea, antzerkira edo kontzertu batera joatea, hori dugu gustuko.
Enpresari nire denbora guztia eskaini arren, nire lana ez dute baloratzen. Nirekin elkarlanean ibilitakoak, egun enpresako bazkide dira edo zuzendaritza-postuetan daude; baina niri ardurak eman arren, ez didate ardura-posturik ematen.

Maria, 38 urte
Story card - no image

Basaurin bizi den gizon jubilatu bat naiz. Emaztea eta biok orain urte batzuk banandu ginen. Bizitzak leku ezberdinetatik bideratu gaitu azkeneko txanpa honetan.
Orain ikasi dut sukaldean aritzen, garbigailua erabiltzen, fakturak eta etxeko ardurak kudeatzen. Gazte-garaian ez nien seme-alabei egun eskainiko niekeen arretarik eman. Nire garaian, aitak bizikletan ibiltzen erakusteko edo larunbateko partiduetara eramateko zeuden. Egun, nire bilobak zaintzen ditut: 3 urteko Nahia eskolara laguntzen dut eta urtebete duen Aitzol zaintzen dut goizetan.
Umeek zoriontsu egiten naute.

Pedro, 64 urte
Story card - no image

Pasaian bizi den brasildar bat naiz. Bi urte daramatzat hemen. Momentu honetan nire lehentasuna lan duin bat topatzea bada ere, ez dut horretarako astirik. Nire beharren artean, hizkuntza ikasteko denbora ateratzea dago. Umeak eskolan dauden bitartean lana bilatzen dihardut. Arratsaldeak umeekin pasatzen ditut. Ez dut lortu hemengo jendea ezagutzea eta beste brasildarrekin elkartzen naiz jolas-parkean.

Bea, 36 urte
Story card - no image

4 urte ditut. Andoainen bizi naiz eta 2 arreba nagusi ditut. Gaur eskolara joateko arreba baten tutu-gona ederra jantzi dut, koloretako legginsekin batera, gelako Ianire eta Leirek bezalaxe. Amak oso polita nagoela esan dit. Arrebek, ordea, barre egin didate; baina eguneroko kontua da eurek niri barre egitea.
Eskolara hurbiltzen joan naizen heinean, txikitzen joan naiz besteen barreak eta isekak entzunda. Ez nuen entzuten amak esaten zuena, soilik besteen barreak.
2 hilabete geroago, inauterietako eskola-festan, neskek mutil mozorroa jantzi dute, eta mutilak neska jantzita ibili dira. Mutil guztiek jantzi dituzte gonak.

Aner, 4 urte
Story card - no image

Donostian bizi den gazte transexual bat naiz. Duela urte batzuk ez nuen hitz horren esanahia ulertzen.
16 urterekin izena aldatu nuen, eta Kepatik Irene izatera pasa nintzen. Izen- aldaketarekin nire identitatea eraikitzen hasi nintzen.
Hala ere, beldurtuta nengoen. “Beste izen batekin, ezberdina izatera pasako naiz?”, “Ezberdin ikusiko naute?”, pentsatzen nuen.

Irene, 22 urte
Story card - no image

Ondarroan bizi den gazte feminista bat naiz. Denbora daroat erabaki hau hartu nahian, eta, azkenik, animatu egin naiz. Uda honetan ez depilatzea erabaki dut. 15 egun iraun du nire iraultzak. Kalean denek buelta hartzen dute gona edo fraka laburrak daramatzadanean. Hondartzan jendea begira gelditzen zait, eta parrandan ateratzen naizenean deseroso nago besteen begiradekin.
Ez dut ulertzen. Mutilek bizarra egiten ez dutenean ez da mundua erortzen. Berdintasunean bizi garela? Zeinek dio?

Garazi, 17 urte
Story card - no image

Maddi Hernaniko sanjoanetan ezagutu nuen. Txosnetan geundela, hurbildu egin zitzaidan, eta hizketan jardun ondoren, leku lasaiago batera joateko proposatu zidan. Nahiko lotsatia naiz, eta poztu ninduen berak iniziatiba hartu izanak.
2 aste pasa ditugu elkarri “whatsappeatzen”.
Gaur Maddi koadrilarekin parrandan joan da Lesakako sanferminetara. Nik, telefonoa eskuan, ez diot begirik kentzen WhatsAppeko ikonoari. 6 ordu dira Maddik ez duela txintik esan, eta online dagoela badakit. Beste batekin ligatuko ote zuen? Zergatik ez du erantzuten?

Xabier, 19 urte
Story card - no image

Ez zait hilekoa jaitsi azkenengo 2 hilabeteetan, baina hilekoa irregularra dudanez, ez naiz kezkatu. Duela hilabete batzuk, ordea, txortan egin nuen kondoirik gabe, baina mutilak ez zuen barnean isuri.Halere, zalantza sortu zait, eta haurdun zauden jakiteko test digital horietakoa erosi eta institutuko komunetan egin dut proba. Baiezkoa eman du. Hamaika ideia nahasi bururatu arren, batzuk argi ditut: ezin diet gurasoei hau kontatu, eta ezin dut umea ekarri.
Eta orain zer? Zein da abortatzeko prozedura? Oraindik legala da? Noiz? Nola? Eta norekin? Zeini kontatuko diot hau?

Esti, 17 urte
Story card - no image

Bi ume ditut eta sexu-langilea naiz, ez dut beste aukerarik. Puta, prostituta, sexu-langilea? Denak berdinak dira, hau baita nire ogibidea. Ez naute behartu eta ez naiz inoren morroi; baina beste lan bat edukitzeko aukera izango banu, ez nuke honetan jardungo.
Kalean lan egiten duten beste sexu-langile batzuk ere ezagunak ditut. Ni, behintzat, seguruago bizi naiz jakinda eurak ere inguruan daudela; ezagutzen ditut eta elkarri laguntzen diogu.

Malika, 38 urte
Story card - no image

Zornotzakoa naiz, baina Donostian bizi naiz, han ari naizelako ikasten. Astean zehar, eguerdietan, jantoki batean egiten dut lan eta asteburuetan Zornotzara bueltatzen naiz.
Bollera naiz, lesbiana, homosexuala, eta ez dut hori adierazteko inongo arazorik.
Gustura nago nire sexualitatea bizitzeko erarekin.
Gurasoekin ere zorte handia izan dut, askatasun handienean hezi bainaute. A ze pagotxa!
Besteei ez zaiela horrenbeste gustatzen? Euren arazoa da!

Haizea, 22 urte
Story card - no image

Azkenengo 5 urteetan Zumaian bizi izan naiz nire bikote-lagunak han zuelako pisua erosita. Harreman guztietan bezala, gorabeherak izan ditugu. Hasierako grina, geroko konplizitatea, baita eguneroko tirabirak ere. Azkenaldian, ordea, bolada txar bat baino gehiago izan dugu: egiten nuen guztia kritikatzen zuen, eta haserretzen zenean bizpahiru egunez ez zidan hitzik egiten. Bat-batean, bakarrik ikusi naiz, isolatuta eta txikituta. Ez dit inoiz eskua gainean jarri, baina ez da beharrezkoa izan ni hondoratzeko.

Ana, 32 urte
Story card - no image

Deustuko gazte bat naiz eta “Pare” talde feministan hartzen dut parte.
Deustuko jaietan matxismoaren kontrako kanpaina abiatu genuen beste jai-elkarte eta erakunde batzuekin elkarlanean. Azkeneko asteburuan, parrandan geundela, pare bat garagardo gehiegi edanda, eztabaida sutsua eduki genuen gazte-talde bateko tipo batek eta biok. Hurrengo egunean, txosnetako paretak margotuta agertu ziren: “Argia feminazi” zioten.

Argia, 18 urte
Story card - no image

2 uda daramatzat Amaiaren atzetik. Lagunak gara institututik, eta solasaldi luzeak izaten ditugu elkartzen garenean; baina berak ez du ezer gehiago nahi nirekin. Pasa den asteburuan koadrilako Mikel etorri zitzaidan Amaiarekin liatuta zegoela kontatzera. Mikel, koadrilako “buenorrroa” da: gihartsua, kirolaria, guapoa…
Neskek izaera dela garrantzitsuena diote, baina gero denek Mikelekin nahi dute.

Unai, 24 urte
Story card - no image

Txantrean bizi naiz, tamalez ez Iruñeko erdigunean, eta asteburuetan gauean, gehienetan gurasoak etortzen zaizkit bila.
Aurtengo auzoko jaietan, bi neska gazte erasotu dituzte sexualki, eta horrek gure koadrilako neskoi askatasuna murriztea ekarri du. Gurasoak gainean ditugu, eta ondo pentsatzen dugu gauzak egin aurretik; ahal dela bakarrik ez gara joaten inora, eta etengabe otsoa gainean dugula sentitzen dugu. Zein da otsoa, baina? Hau da nire galdera: erasotzailea edo beldurra bera?

Maitane, 16 urte
Story card - no image

Psikologoak 5 lerro idazteko agindu dit gaurko saioan, “gaixotasuna deskribatzen lagunduko didatenak”, dio berak.
Neure burua ispiluan ikusi eta ez dut gustuko ikusten dudana. Zer ez dudan gustuko? Hankartea, ipurdia, masailak, paparra…

34 arropa-neurria erabiltzen dut, gelako gehienek bezalaxe. Gaixo al nago gutxi jan nahi dudalako? Edo gaixoak mugitu ezin daitezkeen gizenak dira? Arazoa ez naiz ni, arazoa nire gurasoak dute anorexia dudala uste dutelako. Ni ez nago gaixo, nik kontrolatzen dut!

Arene, 18 urte
Story card - no image

Larunbat gaua. Neska batekin ligatu dut azkenengo tabernan eta nire autora joan gaitezen proposatu diot.
Hasi gara bero jartzen autoan, eta frakak erantzi nahi izan dizkiot arin-arin.
“Argi zegoen txortan egitera gentozela, ez?”, “Zer nahi zuen, bada, eguraldiaz hitz egitea?”.
Berak frakak igo eta lasaiago joateko esan dit. “Kaka!”, pentsatu dut, “moja bat tokatu zait!”.
Ordu erdiz laztantzen eta musukatzen jarraitu eta gero, bere eskua nire zakilera eraman dut, baina ezetz esan dit. Autoaren atea zabaldu diot, eta ospa egiteko esan diot.

Markel, 22 urte
Story card - no image

Larunbat gaua. Mutil jator batekin ligatu dut azkenengo tabernan eta bere autora joateko proposatu dit. Nahiko mozkortuta nagoenez, ez nekien zer egin; baina, azkenean, joan egin naiz. Nahiko zorabiatuta sentitzen nintzen, eta tipoa berehala saiatu da niri frakak kentzen. Ezetz esan diodanean, tipoak jarrera aldatu du; ez zegoen hasieran bezain jator. Autotik atera nahi izan dut, baina ez nekien nola! Handik gutxira, eskua eraman dit zakilera; argi ikusi dut ez nuela han egon nahi.
Azkenean, atea zabaltzeko eskatu diot eta alde egin dut.

Maia, 17 urte
Story card - no image

Jon eta biok uda elkarrekin pasatzen ari gara. Denbora asko daramat lagunekin egon gabe, eta asteburuan, Maritxu Kajoira doazela aprobetxatuta, elegante jantzi eta koadrilarekin joan naiz parrandan.
Egun guztia telefonoarekin ibili eta gero, bateria bukatu zait. Autoan lo egin ondoren, gosaldu eta txiri-txiri joan gara bueltan etxera. Telefonoa kargatzerakoan, Jonen 5 dei galdu eta whatsapp-eko 10 mezu nituen. Beldurtu egin naute bere hitzok, eta bere jarrerak ere beldurtu egin nau. Udan bizitakoaz pentsatzen jarri, eta konturatu naiz sakelakoari pega-pega bizi izan naizela. Hau al da Jonek nitaz espero duena? Eta nik, zer nahi dut nik?

Maite, 18 urte
Story card - no image

Oporretan Cabo de Gatan geundela, larrugorritan, lagun batek argazkiak atera zituen. Argazkiak politak ziren.
Horietako bat bereziki ederra zen. Asko pentsatu barik, ni bakarrik nengoen argazki bat Peruri bidali nion, udako nire lagun bereziari. Ez ginen bikote, baina oheratzeaz aparte, lagun-harremana genuen, edo hori uste nuen nik, behintzat.
Oñatira bueltatu nintzenean, nire argazkia, telefonoz telefono eta sare sozialetan zebilen, eta ordurako beranduegi zen olatu hura gelditzeko.

Ainara, 24 urte
Story card - no image

Pasaiako neska gazte bat naiz. 40 arropa-neurria erabiltzen dut. Nahiko arrunta naiz, baina erosketak egitera noanean, ez naiz horrela sentitzen. Modan jartzen diren arropak gero eta zailagoak dira janzteko; fraka gero eta laburragoak, gero eta pitillo estuagoak, takoi gero eta altuagoak eta ipurdia bistan uzten diguten bikini gero eta estuagoak.
Horren famatuak eta mirarizkoak diren dietaren bat egin beharko dut horrela jantzi ahal izateko?

Hegoa, 22 urte
Story card - no image

Aitak beti kontatu izan dit printzesak ez nituela gustuko. Agian ez naiz oso neska normala.
Kontua da, duela gutxi hasi garela gauez ateratzen, eta lagun batzuek mutil-laguna dute dagoeneko. Inbidia diet, baina ni zorrotzagoa naiz, bizitza guztirako maitalea da-eta!
Nik ezin dut irudikatu erromantikoa ez den istorioa. Hitz goxo eta dedikazioz beteak.
Bakarrik gelditzeko beldurra dut, baina sabelean ez ditut tximeletak sentitu oraindik, Kupidoren geziaren arrastorik ez!

Sara, 16 urte
Story card - no image

Badira 8 urte Bakion Oierrekin bizitzen jarri nintzela. Biok etxetik kanpo lan egiten dugu eta, egia esan, etxeko kontuekin hala moduz moldatzen gara: astean zehar laneko erritmoarekin ezin edo gogo askorik ez dugu izaten eta astebururako uzten ditugu. Puff! Asteburuak… Athleticzalea eta zikloturista da gure mutila; beraz, partidua tokatu edo eguraldi txukuna izanez gero, ez du etxeko kontuetarako denbora lar izaten asteburuetan ere. Nahiko nuke nik ere holako afizioren bat izan! Azkenean, nik egiten ditut etxeko lanik gehienak. Harreman sano eta berdinzalea genuela uste nuen, baina bat-batean zalantza sortu zait.

Miren, 35 urte
Story card - no image

Gaur emakume eta gizonen berdintasunaz hitz egin dugu klasean. Irakasleak esan digu emakumeek egunean batez beste zaintza-lanei 3 ordu eta erditik gora eskaintzen dizkietela; gizonek, berriz, ordu eta erditik behera. Alde nabarmena, gero! Nik ez dut uste horrela denik, gure etxean ez, behintzat! Gure kasuan, aitak asko laguntzen dio amari, astean zehar berak ematen digu afaria, ontzi-garbigailua ere bere ardura da, eta aspiradora asteburuetan pasatzea ere bai. Zenbat ordu dira horiek? Amak gehiago egiten ditu?

Peio, 10 urte

INFO CARDSISSUE CARDS

Emakumeen boteretzea

Emakumeen boteretzeak egoera sozial justuago bat ekarriko du?

Zer da feminista izatea?

Feminista izatea matxista izatea da, baina alderantziz.

Gizonen papera berdintasunean

Emakumeak bakarrik elkartzea eta antolatzea gizonak diskriminatzea da. Gizonek nahitaez parte hartu behar dute mugimendu eta politika hauetan.

Botere-harremanak

Emakume eta gizonen arteko harremanetan botere-harremanik badago?

Antolaketa sozial erantzukidea

Politikarien esku dago emakumeen eta gizonen ardura parekideak lortzea?

Pribatua politikoa da

Etxe barrukoak arazo pribatuak dira. Umeak zaintzeko lanaldi-murrizketak zeinek hartzen dituen, gaixoekin egoteko baimenak nork hartzen dituen… etxeko kontuak dira.

Harreman afektibo-sexualak

Harreman afektibo-sexualak era askotakoak izan daitezke eta pertsona bakoitzak gure gustuak ditugu. Norberak gustuko duena ezagutuz joango gara eta aurrean dugunarekin hitz egitea baino hoberik ez dago berak gustuko duena ezagutzeko.

Berdintasun faltsuaren irudia

Gaur egun emakumeak libre dira, berdintasunean bizi gara: aukera berdinak ditugu lan egiteko, kirola praktikatzeko, bozkatzeko… Futbolean jokatu nahi dutela? Ba, joka dezatela! Hemengo emakumeok ondo bizi gara. Genitalen mutilazioa, burka, harrikadak… urruneko kontuak dira!

Genero-arauak

Inork ez digu agintzen nola jantzi behar dugun! Guztiz askea naiz hori erabakitzeko.

Emakumeen boteretzea

Oro har, mutilek neskek baino autonomia eta iniziatiba handiagoa dute?

Harreman eredu ez-osasuntsuak

Nire bikotekidea jeloskor sentitzen bada, maite nauelako da.

Maitasun erromantikoa

Zu gabe nire biziztak ez du zentzurik; zu gabe ez naiz ezer.

Hezkidetza

Gaur egungo hezkuntza-sisteman berdintasuna lortuta dago. Azken batean, neskek eta mutilek batera ikasten dugu gaur egun eta berdin espero da gutaz.

Heteroaraua

Emakumeek gizonak maitatzea eta gizonek emakumeak maitatzea zerbait naturala da.

Transexualitatea

Transexualitatea gaixotasun psikologikoa da; eta, beraz, mediku-tratamendua behar du.

Lanaren banaketa sexuala / genero-rolak

Herriko festetan normala da emakumeak herri-bazkariaz eta hura zerbitzatzeaz arduratzea eta gizonak txosnak eta musika-ekipoamuntatzeaz arduratzea.

Sexu-harremanak

Mutilek arduratu behar dute nesken plazerraz.

Indarkeria sexista

Neskei gustatu egiten zaie kaleko edozeinek botatako piropoak entzutea. Azken finean laudorioak dira.

Segregazio bertikala

Emakumeak eurak dira ardura-postuetan ez egotearen erantzule.

Genero-estereotipoak

Mutilak, oro har, indartsuak eta ausartak dira eta neskak, berriz, maitagarriak eta txintxoak.

Antolaketa sozial erantzukidea

Gure etxean amari laguntzen diogu etxeko lanak egiten.

Genero-rolak

Emakume batek, bizitzan zoriontasuna lortzeko, ama izan eta familia bat osatu behar ditu.

Gorputz normatiboak

Gorputz gizenak eta iletsuak gorrotagarriak dira!

Harreman eredu ez-osasuntsuak

Maitasunak beti dakar sufrimendua.

Familia-ereduak

Lesbianez osatutako familiek familia heterosexualek dituzten eskubide berberak al dituzte? Adopzioa, intseminazioa, ezkontza, administrazioa, onarpena…

Zer da feminismoa?

Feminismoa emakumeen eskubideen aldeko mugimendua da, emakumeen bizitzan soilik eragiten duena.

Sexu-harremanak

Kondoirik gabe askoz gehiago gozatzen da.

Etxeko lanak

Gure aitak esaten du gizonek, gaur egun, gehiago laguntzen dutela etxean. Nik ez dut horretarako beharrik ikusten! Zuk zer uste duzu esaldi honen inguruan?

Berdintasunaren aroa?

Aukera-berdintasunaren aroan bizi gara. Emakumeek eta gizonek aukera berdinak dituzte. Zer uste duzu?

Etorkizuneko gizartea

Etorkizunean gizartea bidezkoagoa/parekideagoa izatea belaunaldi berrien esku dago. Zer sorrarazten dizu gogoeta horrek?

Zaintza-beharrak

Pertsonok bizitza osoan zehar zaintza-behar ezberdinak dauzkagu. Ados zaude esaldi honekin ala uste duzu ez daukagula besteen beharrik?

Sexismoa

Agian noizbait gertatuko zitzaizun tokiren batera joan eta espero ez zenuen jarrera sexista bat ikustea, bizitzea. Zer sentitu zenuen?

Genero-identitatea

Zakila duena mutila da.

Androzentrismoa

Gizonak beti erdigunean kokatzeko joera historikoa da, eta emakumeen presentzia ikusezin bihurtu duena. Horrela, gizateria gizonezkoarekin nahasten du, eta emakumezkoak gizonezkoekiko bigarren mailan utzi eta ezkutatu egiten ditu.

Sexismoa

Pertsona batek egiten edo esaten duena ezberdin baloratzea da emakume edo gizon izateagatik. Oro har, gutxiago edo okerrago baloratzen den pertsona hori emakumea da. Emakumeei zein gizonei eragiten badie ere, gizonen boterea eta emakumeen mendekotasuna indartzeko mekanismoa da. Sexismoa jarrera aktibo eta agerikoa da, emakumeenganako mespretxua eta gutxiespena adierazten duena.

Indarkeria sexista

Emakume eta gizonen desberdintasunen adierazpen bortitzena da, desberdintasun horiek mantentzea ahalbidetzen duen tresna. Indarkeria hau era askotakoa izan daiteke: fisikoa, psikologikoa, sinbolikoa, ekonomikoa, e.a. Kasu askotan, normaltzat hartzen diren eta ia nabaritzen ez diren kontrol-mekanismoak ere indarkeria sexista dira. Indarkeria matxista eta genero-indarkeria kontzeptu honen baliokideak dira.

Genero-arauak

Neska ala mutila jaiotzeagatik mezu eta arau ezberdinak jasotzen ditugu, gure jarrera eta izaeran eragingo dutenak. Genero-arauak modu sotilean eta askotan inkontzientean transmititzen dira, eta horregatik zaila izaten da horiei aurre egitea. Emakume eta gizonen arteko harremanetan, genero-arauek botere-desoreka sustatzen dute, genero femeninoa menperatuz eta zapalduz.

Generoa

Kultura bakoitzean sexu bakoitzari lotutako ideia multzoa da, oro har, “femenino” eta “maskulino” kategorietan kokatzen dena. Historikoki, generoaren arabera antolatu izan dira emakumeen eta gizonen arteko harremanak. Espazioak banatu dira sexu bakoitzari bat egokituz (pribatua/publikoa), ardurak ere bai (zaintza eta etxeko lanak/ordaindutako lana), eta denbora modu ezberdinean antolatu da sexua bakoitzarentzat, emakumeei denbora propioa ukatuz.

Genero-identitatea

Emakume, gizon edo ez bata eta ez bestea sentitzeari buruz dugun pertzepzioa da. Posible da sexu biologikoarekin bat ez etortzea. Gizarte guztiek genero-egitura bat daukate, generoarekin erlazionatutako estereotipo kultural eta arauek osatutakoa, eta horietan oinarrituz genero-identitatea eraikitzen da.

Genero-rolak

Kultura batek sexuei ematen dien zeregin eta jardueren multzoa da. Genero-rolek pertsonen portaerak eta jokamoldeak baldintzatzen dituzte: gizon edo emakume izateak, besteak beste, janzkeran, sexualitatean, zaletasunetan, lan-arloan edota emozioak adierazteko moduan eragiten du.

Maskulinitate berriak

Maskulinitate-eredu hegemoniko bat dago, eta hori hartzen da gizontasunaren iruditzat, gizon izateko gainerako moduak baztertuta. Hain zuzen ere, maskulinitate berrien teoriek maskulinitate-eredu hegemoniko hori zalantzan jartzen dute, gizonezkoak izateagatik dauzkaten pribilegioei uko eginez eta bestelako gizontasun-ereduak eraikitzen saiatuz.

Queer teoria

Queer hitzak ingelesez “arraro”, “bitxi”, “ez ohiko” esan nahi du eta jatorrian homosexualei irain egiteko erabiltzen bazen ere, ezarritako generoak zalantzan jartzen dituztenek berreskuratu duten kontzeptua da. Horien arabera, identitate sexuala, genero-identitatea eta joera sexuala eraikuntza sozialak dira; beraz, generoa nahiz sexua aldagarriak dira.

Transexualitatea

Gorputz fisikoaren arabera ezarritako generoarekin identifikatzen ez diren pertsonek bizi duten errealitatea da. Transexualak ez daude eroso edo ez daude ados gorputzean egokitu zaien sexu biologikoarekin edota genero-identitatearekin. Batzuek kirurgia eta tratamenduen bitartez gorputza aldatu nahi dute bere nortasunarekin egokitzeko, eta beste batzuek duten gorputza onartzen dute, eta beste sexuaren genitalak izanda.

Feminismoa

Sexu bien berdintasunaren alde egiteko asmoz, testuinguru jakinetan emakumeek beren egoerari buruzko hausnarketetatik abiatuz eratu dituzten askapenerako teorien eta praktiken multzoa da. Mundua, botere-harremanak, gizarte-egiturak eta sexuen arteko harremanak ulertzeko modu desberdina da. Helburua da emakumeen zapalkuntza-egoera gainditu eta harreman parekideetan oinarritutako gizarte berria eraikitzea.

Berdintasuna

Genero-rolak baztertu eta emakume eta gizonen berdintasuna sustatzea du helburua. Historian zehar, emakumeen diskriminazioa nabarmena izan da kultura askotan. XX. mendean zehar herrialde askotan emakumeen eta gizonen berdintasunaren aldeko ahalegin handiak egin baziren ere (hezkuntzan, esaterako), gaur egun maila askotan emakumeek zapalduta jarraitzen dute.

Berdintasunerako politikak

Emakumeenganako bereizkeria-mota oro errotik desagerrarazteko eta berdintasuna lortzeko ezinbestekoa da botere publikoen konpromisoa. Ildo horretan, 90eko hamarkadatik aurrera erakundeak berdintasunerako politikak garatzen hasi ziren, eta helburua da emakumezkoek eta gizonezkoek bizitzaren eremu guztietan –ekonomikoan, sozialean, politikoan, erabaki-guneetan…– berdin parte hartzeko aukera bermatzea.

Lan produktiboa

Balore ekonomikoa egokitzen zaion lana da. Produkzio-lan eta -funtzio gehienak gizonezkoei esleitu ohi izan zaizkie, eta, horrela, gizonak jo izan dira dirua etxera eramateko eta familia babesteko ohiko arduraduntzat; horregatik, historikoki emakumeek egin izan dituzten lanak ez dira aintzat hartu.

Lan erreproduktiboa

Bizitzarako ezinbestekoak izan arren, lan hauei ez zaie balore ekonomikorik egokitu, eta historikoki emakumeek egin izan dituzte dohainik. Lan-merkatutik kanpo kokatutako lana izatearen ondorioz, ez da sozialki batere baloratua, eta horretan lan egiten duten langileen (gehienak emakumeen eta etorkinen) baldintzak bereziki prekarioak izaten dira.

Bateragarritasuna

Norberaren bizitza, familia eta lana bateragarri egiteaz hitz egitea, denbora antolatu, banatu eta erabiltzeko eraz hitz egitea da. Bateragarritasuna posible bihurtzea ez dago soilik norberaren esku, beharrezkoa da gizartearen, arlo publikoaren eta ekoizpen-sektorearen konpromisoa ere: enpresak, erakunde pribatuak eta abar.

Erantzukidetasuna

Berdintasuna lortzeko emakumeek eta gizonek eraldaketa sakonak egin behar dituzte, eta erantzukizunak, denborak eta zereginak banatu eta partekatu. Horrez gain, beharrezkoa da gizartearen eta ekoizpen-sektorearen konpromisoa ere: enpresak, erakunde pribatuak eta abar.

Familia-ereduak

Bikote heterosexualak eta seme-alabek osatutako familia-ereduak nagusitasuna galdu du. Eredurik ohikoena izaten segi arren, bestelako ereduak hasi dira zabaltzen: guraso bakarrekoak, sexu bereko bi gurasoenak, seme-alabarik ez duten bikoteak eta, batez ere, bakarrik bizitzea erabakitzen duten pertsonak.

Zaintzaren feminizazioa

Guztiok dugu zaindu eta zainduak izateko eskubidea eta beharra. Hala ere, oraindik ere zaintza-lanen ardura nagusia emakumezkoen gain geratzen da: pertsona nagusien, adin txikikoen zein familia-sostenguaren zaintzaz emakumeak arduratzen dira. Bizitzaren iraunkortasunerako funtsezkoak dira zaintzak, eta, beraz, beharrezkoa da zaintza-eredu berri, unibertsal eta duinen alde lan egitea.

Emakumeen boteretzea

Emakume eta gizonen desberdintasun-egoeraren gaineko kontzientzia hartu (jabetu) eta emakume bezala gaitasunak landuta (ahaldundu), boterea hartuz egoera hori aldatzeko eragiteko ahalmenean datza. Emakumeen boteretzea bi mailatakoa izan daiteke: indibiduala eta kolektiboa.

Hezkidetza

Neskak eta mutilak berdintasunean heztea da, sexismoari aktiboki aurre eginez. Hezkuntza eredu hezkidetzailean, neskak eta mutilak batera aritzeaz gain, sexismoak sortzen dituen rol, espektatiba eta heziketa emozional ezberdinak gainditzeko estrategiak jartzen dira martxan. Soilik horrela izaten da posible norberaren banakotasun eta berezitasunaren arabera, era guztietako izaerak onartzea eta berdintasun erreal batean heztea

Pobreziaren feminizazioa

Oro har, hemen eta han, emakumeak dira bazterketa sozialean eta pobrezia-baldintzetan bizi direnak. Kontzeptu honek zalantzan jartzen ditu ohiko analisi-metodoak, ez baitute aintzat hartzen emakumeek jasaten duten egiturazko bereizkeria-errealitatea.

Bereizkeria anizkoitza

Norberaren izaera identitate askoren gurutzaketaren ondorio da: generoa (emakume, gizon, trans...), langilea edo klase ertainekoa, jatorri etnikoa, dibertsitate funtzionala duena (edo ez), adina, herriko edo hirikoa eta abar. Ezaugarri horiek guztiak pertsona bakoitzaren bizitzan gorpuzten dira, eta bizipen jakin batzuk sortzen dituzte; aldi berean, gizartean ere posizio jakin bat ematen digute.

Heteroaraua

Soilik heterosexualitatean oinarritutako bikote-harremanak hartzen ditu aintzat. Ondorioz, harreman ez-heterosexual guztiak arbuiatu eta “anormaltzat” edo “bestelakotzat” jotzen dira, eta jarrera homofobo, lesbofobo eta transfoboei bide ematen zaie.

Maitasun erromantikoa

Maitasun heterosexual, bakar eta betierekoaren idealizazioa oinarri duten bikote-harremanak dira. Eredu honetan pertsona bakoitzaren espazio eta askatasun pertsonala ezabatzen da, bikoteari zentralismo osoa ematen zaiolako. Bikotearen barruan funtzio eta rol zehatz batzuk esleitzen zaizkie emakume eta gizonei; horrek, askotan, menpekotasun- edo kontrol-jarrerak dakartza.

Edertasun-ereduak

Telebistan, aldizkarietan edota pelikuletan gorputz-eredu batzuk soilik azaltzen dira: gorputz argalak, altuak, gazteak, ilerik gabekoak, gehienetan zuriak... Hain zuzen ere, egungo edertasun-ereduak ezaugarri horietan oinarritzen dira, ez dituzte gorputz osasuntsuak sustatzen, lortzen zailak diren gorputzak goraipatzen dituzte. Gure autoestimurako, ordea, garrantzizkoa da gure gorputza maitatzea eta bere jabe garela sentitzea.

Trabestismoa

Beste sexuari egozten zaion janzkera eta estetika erabiltzea da. Batez ere “emakumez” jantzitako gizonen jarrera izendatzeko erabiltzen da.

Register to download vote results of this PlayDecide game.Register